JOSE LUIS ALVAREZ ENPARANTZA “TXILLARDEGI”

Donostia, 1929

Hizkuntzalari, idazle, politikari eta irakasle izan zen, eta alor horietan guztietan nabarmendu zen, batik bat hizkuntzalaritzan.

 

Bilboko ingeniaritza eskolara joanda, EKIN eta ETA erakundeen sorreran esku hartu zuen. Politikari engaiatua, hiru aldiz atxilotua izan eta gero, erbesteratu zen, eta Frantzian, Suitzan eta Belgikan ibili zen errefuxiatu.

 

Literaturan eleberria landu zuen nagusiki, eta generoari berrikuntza nabariak ekarri zizkion. Haren eleberriak dira Leturiaren egunkari ezkutua (Euskaltzaindia, 1957), Peru Leartzako (Itxaropena, 1960), Elsa Scheelen (Lur, 1969), Exkixu (Elkar, 1989) eta Putzu (Elkarlanean, 1999). Saiakeran ere saiatu zen: Huntaz eta hartaz (Goiztiri, 1965), eta hainbat aldizkari eta egunkaritan kolaboratzaile emankorra izan zen. 1968an Domingo Agirre saria jaso zuen Elsa Scheelen nobelagatik, eta ezin konta ahalakoak dira eskaini zaizkion omenezko hitzaldi, mahai-inguru eta abarrak.

 

Euskaltzale sutsu izaki, besteak beste, euskara batuaren sorreran ekarpen baliotsua egin, UEU sustatu, Branka aldizkaria sortu, eta Bat soziolinguistika-aldizkaria argitaratzen lagundu zuen. 1957az geroztik Euskaltzaindiako kide izan zen, baina, hiru aldiz izendatua izan arren, ez zuten inoiz euskaltzain oso izendatu.

 

Irakasle aritu zen EHUko Zorroagako fakultatean, Deustuko Unibertsitatean eta UEUn, betiere hizkuntzalaritzaren eremuan.