Idoia Hernandez Toledo (HATXE)

Errenteria, 1988

HATXE izenez ezagutzen da Idoia Hernandez Toledoren proiektu artistikoa. Piano ikasketak egin zituen Oiartzungo Ibargain Musika Eskolan eta Donostiako nazioarteko txapelketan bitan aipamen berezia jaso zuen, 15 eta 16 urte zituela. Ingeniaritza ikasi zuen, eta hainbat urtez horretan aritu ostean, 2014an hori alde batera utzi eta Mikelazulo kultur elkartean hasi zen lanean; hasieran, kultur programatzaile eta aktibista gisa, eta, ondoren, sortzaile moduan. Gaur egun, musikaria da. Mukuru kolektiboko kide da, eta Musikari elkarteko zuzendaritza batzordean dago.

 

Bakarlana da HATXEk plazaratutako lehen albuma, Lehena, pianotik abiatuta sortutako 15 abestiko bilduma bat. Bigarren lana, Panpin hautsien dantza, Jurdana Otxoa, Peru Galbete eta Ilargi Agirrerekin batera garatu zuen. Horrez gain, Oscar Manso poeta eta musikariarekin 2Bat proiektua konpartitzen du, eta Metrokoadroka Sormen Laborategia kolektiboarekin ere hainbat ikuskizun performatibotan parte hartu du.

 

Enkarguz ere lan ugari egin ditu, adibidez, EIZIE Elkarteak SENEZ aldizkariaren 50. alea ospatzeko kanta (2018); konfinamendu garaian, Errenteriako Udalaren “Kultur Labea egitasmorako bideo poetikoa (2020); Oiartzungo udalaren “Kulturbirusa” egitasmoaren barruan, Eneko Gil dantzariarekin egindako Hiru biñakaikuskizun laburra (2020) eta abar. Booktegin bertan ere kolaboratu du HATXEk, Harkaitz Canoren  Azken aurreko manifestuaren aurkezpen musikatuan (2018), hain zuzen ere. 2019an Azpeitiko Sorkuntza beka jaso zuen Histeria bideoklip esperimentala sortzeko.