Estitxu Zabala

Donostia, 1985

Hernanin bizi den donostiarra dugu Estitxu. Kazetaritza ikasketak egin zituen EHUren Leioako fakultatean, eta Donostiako Irutxuloko Hitza aldizkarian egin du bere ibilbide profesionalaren zatirik handiena (2008ko uztailetik 2019ko urtarrila arte). Joxe Ayerberi omenaldia dokumentalean lan egin zuen, 2013an, gidoilari eta kazetari gisa. Loiolako gai-jartzaile eta idazlearen omenez egindako ikus-entzunezkoa izan zen.

 

Hernaniko Arraun Elkarteko arraunlaria da, 2012-2013 denboralditik. Emakumeak eta arrauna izeneko lana osatu eta plazaratu zuen 2016ko udan, Irutxuloko Hitzaren eskutik. Lehen emakume arraunlarien inguruan hitz egiten du 32 orrialdeko liburuxkan barrena, batelariek gure historian izandako garrantzia azpimarratzen du, eta arraunlarien eboluzioaren berri ematen du, hainbat datu eta elkarrizketen bidez. Berria egunkarian kolaboratu zuen 2017ko udan, arraunaren gaurkotasunaren inguruko analisiekin, astero-astero, "Bikin gora!" izeneko atalean.