Jose Mari Pastor

Bilbao, 1964

Kazetaria izateko grina umetan piztu zitzaion Pastorri. Zortzi urterekin aldizkarietako elkarrizketak irakurri eta berridatzi egiten zituen eskolan, ezkutuan –artean ez zekien plagioa zer zen–. 

Hainbat hedabidetan jardun du. Hogei urte ez zituela hasi zen euskal prentsan idazten, Anaitasunaaldizkarian, eta ondoren, EginEITBEuskaldunon Egunkaria eta Berrian ere lan egin zuen. Azken bi horietako nazioarteko erredaktore buru izan da gainera, eta munduko eskualde gatazkatsuetan izan da: Irak, Palestina, Sahara, Aljeria, Irlanda…

Egun, Kazetaritza Saileko irakasle atxikia da EHUn. Azken urteetako bere ikerketa lerro nagusiak informazioa telebistan eta etika eta informazioa dira. Irakasle lanak bateratzen ditu Berrian zutabe idazle gisa egiten duen lanarekin, baita EITBko Egunon Euskadi albistegian egiten dituen kolaboratzaile lanekin. Rikardo Arregi eta Argia kazetaritza sariak irabazi ditu.

Booktegin argitaratutako Minareteak Urdaibain Pastorrek Berrian idatzitako iritzi-testuak biltzen dituen edizio-lana da, eta euskarara nazioarteko politika ekartzearen garrantzia azpimarratzen du.