Patxi Lopez de Tejada

Donostia, 1970

Ekonomia, zuzenbide eta filosofiaren arloetan ikasketak egin zituen hainbat unibertsitatean, zuzenbidean lizentzia eskuratu zuelarik Euskal Herriko Unibertsitatean 1994an. 2003-2005 urteetan Tere Irastortza olerkariak Bergarako Mintegian antolatu zuen Idazle Eskolan ibili zen. Abokatu bezala bere jarduera profesionala enpresako aholkularitzaren arloan garatu du, prozedura frankoren defentsan parte hartu duelarik. Prolifikoa eta poligrafoa, 2005an bere Materiaren egitura eta Guía de helioterapia olerki bildumak atera zituenetik saiakera eta olerki liburu ugari argitara eman ditu euskaraz zein gazteleraz, forma laburrak eta aforistikoak nagusiki jorratuz. Bere lanaren ardatzak ondoko hauek dira, kultura klasikoarenganako berebiziko interesa, heleniarrarenganako bereziki, joera eszeptiko trinko bat siniskeria izpiritualen aurrean, eta giza kondizioaren izaera iragankorra, hauskorra eta hutsalaren inguruko kezka sakon bat. Bere pentsaeraren ezaugarriak dira ere bai bere jaioterriaren ardura eta euskalzaletasuna beste kultura eta beste garaiko gizarteei zuzendutako begirada kosmopolita batekin uztartzea, Borgesengandik jaso omen zuena, eta postmodernitatearen diskurtsoarekiko agertu duen errefusa.