Eider Rodriguez

Orereta, 1977

Publizitate eta zinegintza ikasi zituen, eta gaur egun EHUko irakaslea da. Hedabide desberdinetan kolaboratu du – The Balde, Oarsealdeko Hitza, Hitzak eta ideiak, besteak beste. Edizio eta gidoigintza lanak ere egin ditu. Literaturan, helduentzako lau ipuin-liburu idatzi ditu: Eta handik gutxira; Haragia; Katu jendea; Bihotz handiegia. Entseguaren eremuan ere sartu da –Itsaso da bide bakarra. Joseba Sarrionaindia irakurriz–, eta haur literatura arloan ipuin ilustratu bat dauka –Nikoleta eta Gaua, Arrate Rodríguez ilustratzailearekin. Halaber, genero epistolarra landu du –Korrespondentziak– Belén Gopeguikin batera. Irene Nemirovskiren liburua –Le bal (Dantzaldia)– euskaratu du, eta lan berrienagatik –Bendita familia komikia, Julen Ribasen ilustrazioekin– 2018ko Euskadi Saria jaso du. Eider Rodriguezen lanak beste hizkuntza batzuetara itzuli dituzte – frantsesa, nederlandera, italiera, alemana, besteak beste.