Anuntxi Arana

Luiaondo (Aiara), 1947

Anuntxi Arana Luiaondon (Aiara) sortua 1947an, Angelun (Lapurdi) bizi da aspaldi honetan, Belgikan urte zenbait egin ondoan. Euskal mitologiaz egin du doktorego tesia 1996an, euskaraz: Orozko haraneko kondaira mitikoak, UEUk argitaratua. Bestalde, Iparraldeko sinesmenak eta kondairak ikertu ditu, hala nola Bidarraiko harpeko saindua liburuan (1985) eta Cerquand-en Iparraldeko Legenda eta Ipuinak lanaren edizioan (1985-1986). Gatuzain argitaletxeak Mito hurbilak publikatu du 2000. urtean eta Mitoen bilakatzea 2004ean. Elkar-en argitaratu dira Euskal mitologiaz, jentilak eta kristauak (2008), geroago frantsesera itzulia, eta Hilak gure artean, 2015an. Euskara aldeko militantea eta feminista, “Euskal Herrian Euskaraz”ko kidea izan da, eta “Bortizkeria sexisten aurkako kolektibo feminista”koa. Argizaiola saria jaso zuen Durangon 2014an.