Axular (Pedro Agerre Azpilkueta)

Urdazubi, 0000

Nafarroako Urdazubiko “Axular” izeneko baserrian jaioa, luzaz eztabaidatu izan da haren jaioturteaz. Ez dirudi, dena den, 1570. urtea baino askoz lehenago jaio zenik. Uste izatekoa da Urdazubiko premontretar ordenako kanonigo erregularrekin ikasi zuela eta horrek eman ziola, azken buruan, Salamankara ikastera joateko aukera. Ziur dakigu elizgizonen bidea hartu zuela eta lehendabizi tontsura jaso zuela Iruñean (1584) eta ordena txikiak gero (1587). Handik aurrera, berdin 1588an zein 1591n, Urdazubiko monasterioan egoitza duen ikasle gisa agertzen da Axular. 1951tik 1595era bitartean Salamankako Unibertsitatean teologia-batxilergoa lortu zuen. Titulua eskuetan, 1595eko irailaren 23an subdiakono ordenatu zuten Iruñean. Hurrengo urtean, diakonotza eta apaizgoa eskuratu zituen: diakonotza Lleidan, 1596ko ekainaren 8an eta apaizgoa Aturben urte bereko irailaren 21ean, bertako gotzaina zen Salbat Ihartze euskaldunaren eskutik. Donibane Lohizunen bost bat urtez predikari izan ondoren, Sarako erretore bilakatu zen mende berriaren etorrerarekin batera. 1643an argitaratu zuen Gero liburua Bordelen, “Erregeren inprimatzailea” zen G. Milanges izenekoaren inprimategian,. Saran bertan hil zen 1644ko apirilaren 8an. Hango eliza nagusian datza lurperaturik, zertxobait beranduago zendu zen izen bereko iloba apaizarekin batera.