Pilar Kaltzada

Donostia, 1970

Kazetaria eta komunikatzailea da eta gaur egun, aholkularitza estrategikoan dihardu komunikazioaren esparruan, “Linking Ideas” agentziako bazkide sortzailea delarik. 20 urtetik gorako esperientzia du komunikazioarekin lotutako askotariko zereginetan. Kazetaritzaren esparruan, prentsa idatzian, irratian eta telebistan urtetako esperientzia du, zuzendaritza, aurkezpen eta produkzio-ardurak izan dituelarik. Iritzi-egile ohikoa da hainbat hedabidetan (Berria, Bilboko Egunkaria, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Euskal Telebista ...) Aholkularitza eta komunikazioren kudeaketan, enpresa pribatu zein erakunde publikotan lan egina da eta bere jardun-esparruak dira, besteak beste, erakunde-komunikazioa, harreman instituzionalak, berrikuntza, genero-berdintasuna eta hizkuntza-normalkuntza. Poesiaren arloan jorratu du bere literatura-bidea, “Ur Tximeletak” (1998 – Erein) lanarekin. Hainbat lan kolektibotan hartu du parte (“Geltoki arteko irakurketak”, “Poesia eta Etorkizuna, beste sentimentalitatea”, eta abar). Askotariko narrazio laburrak ere argitaratu ditu han hemenka, eta baita ikusentzunezkoen hainbat gidoi ere. Euskararen Aholku Batzordeko kidea da, Doce Miradas talde fenimistako kide sortzaileetakoa eta Save The Children erakundeko Patronatuko kidea.