Patxi Saez Beloki

Beasain, 1964

Patxi Saez Beloki Gipuzkoako Beasainen jaio zen euskara batuaren erditze neketsu eta luze hartako 1964ko Baionako biltzarra egin zen urtean. Ikastolek euskara batuarekin sortu zuten euskaldun osoen lehen belaunaldi hartako emaitza dugu. Soziolinguista da, Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendaria 1999. urtetik eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea. Euskal Herriko Unibertsitatean Informazio eta Gizarte Zientzietan lizentziaduna da eta Unibertsitate Aditua Hizkuntza Plangintzan. Oso gazterik ekin zion euskalgintzako ibilbideari: 16 urterekin Beasaingo Gau Eskolan eta Lazkaoko Euskal Eskolan euskara irakasten hasi zen. 19 urterekin, 1983-1984 ikasturtean, Urretxuko Udal Euskaltegian hasi zen irakasle. 20 urterekin (1984an) Azpeitiko Udal Euskaltegian irakasle lanpostua lortu zuen lehiaketa-oposaketa bidez. Azpeitiko Udal Euskaltegiko zuzendaria ere izan zen 1997tik 1999ra. Patxi Saezek, guztira, 19 urte egin zituen euskararen irakaskuntzan. 1999an, Azpeitiko hizkuntza planifikazioa bideratzeko, Azpeitiko Udalak Euskara Patronatua sortu zuen eta sorreratik erakundearen arduradun teknikoa da. Euskararekin estuki lotutako bere ibilbide profesionalean hainbat ekimen berritzaile jarri ditu abian. 2015eko Euskararen egunean, abenduaren 3an, Euskal Herriko 16 hedabideetan Euskaltzaindiari egindako proposamen eta eskutitz irekia argitaratu zuen euskararen Akademiari eskari zehatz bat eginez: azken 50 urteotan euskararen normalizazioa lortzeko jarraitu den paradigma berritzeko eta, aldaketa hori egin ahal izateko, gidaritza hartzeko. Euskaltzaindiak aintzakotzat hartu zuen Patxi Saezen eskaria eta Euskaltzaindiak 2016ko otsailaren 12an antolatu zuen Euskara Biziberritzen Jarraitzeko Erronkak jardunaldian euskara indarberritzeko paradigma berria aurkeztu zuen Patxi Saezek: Gurdiaren Paradigma edo hizkuntzaren behar naturalaren paradigma.