Gero

Axular

Ez dugu ezer eransteko liburuaren gaiari dagokionez, anitz mintzatu baita Axularrek eskaintzen duen bidearen gaitzaz eta urruntasunaz; bai, ordea, haren mintzora iristeko bideaz, huraxe baitu urdazubiarrak aberastasunik preziatuena, eta huraxe baita orain guk hemen, zertxobait bederen, erraztu dezakeguna. Irakurleari edizio lauagoa eta adierrazagoa eskain zitzaiokeela iruditurik, beraz, ekin zitzaion egokitzapen-lanari. Pare bat baldintza bete behar zuen egokitzapenak, halere. Batetik, bisualki erakargarria behar zuen moldaketa berriak, oro har faksimilea bezain nekezak gertatzen baitira begientzat kaleratutako edizio trinkotuak, eta, bestetik, egungo hizkuntza estandarrera ahalik gehien hurbilduaz paratua.